Dagoeneko 11 euskal udalerrik egin dute bat euren borondatez Alkateen Itunarekin, eta Abanto-Zierbena dugu udalerri horietako bat. Alkateen Ituna Europako Batzordearen ekimena da, eta toki mailan klima aldaketaren aurkako borroka bultzatzea du helburu. Udalak 2010eko urrian sinatu zuen Ituna.
Ituna sinatu duten udalek honako konpromiso hauek hartu dituzte: 2020. urterako negutegi efektuko gasak % 20 murriztea, 2007. urtearekin erkatuta; energia-iraunkortasuna % 20 areagotzea eta energiaren % 20 iturri berriztagarrietakoa izan dadila lortzea.
Ekimen horrekin bat egiteak Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (PAES) idaztea dakar. Plan horretan zehaztu egingo dira zein diren Udalak garatu beharreko ekintzak, 2020rako ezarritako helburuak lortzeko.
Duela gutxi amaitu dituzte proiektuaren lehenengo faseko lanak. Zehazki, energia kontsumoari eta CO2 isuriei buruzko udal inbentarioa eta energia-diagnosia egin dituzte. Horiei esker, bigarren fasean gauzatuko den ekintza-planaren esparru estrategikoa ezarri da.
Inbentarioak agerian utzi du PAESek eragiten dituen udal sektore ekonomikoen isuriek % 6,3 egin dutela gora 2007. eta 2010. urteen artean, alegia, 2007. urtean 94.272,4 t.CO2 isuri ziren eta 2010.ean 100.221,8 t.CO2. Ez da aintzat hartu sektore industriala, udalerri mailan duen jarduera txikia baita. Halaber, azterketak adierazten du gasolioa dela Abanto-Zierbenan klima aldaketan eragin handiena duen energia-iturria; izan ere, gasolioak isurien % 84,3 eragiten du, eta ondorioz, garraioa da eragin handiena duen sektore ekonomikoa (PAESen isuri guztien % 82,2).
Aurki abiaraziko dute proiektuaren bigarren fasea. Bertan, zehaztu egingo dira zein diren Udalak gauzatu ditzakeen ekintzak, CO2 isuriak murrizteko eta Alkateen Itunean ezarritako helburuak lortzeko. Ekintza horiek guztiak Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planean (PAES) bilduko dira.
Udalak herritar guztien eskura jarri du Inbentario-Diagnosia dokumentua, eta herritarrak gonbidatzen ditu ekintzen plana idaztean euren ekarpenak eta iradokizunak egitera. Horretarako mezua igorri beharko da PAES@abanto-zierbena.org helbidera edo idatzia aurkeztu beharko da Udal Erregistroan.
Planean sartuko diren ekintzak Udalak egiteko modukoak izango dira, eta horiek bi helburu izan ditzakete: batetik, zuzenean murriztea isuriak Udalaren eskuduntzako eremuetan, edo, bestetik,eragina izatea beste arlo batzuetako erabaki eta ohituretan.
Plana idazteko ezarrita dagoen epea bete ahal izateko, iradokizunak aurkezteko azken eguna 2011ko azaroaren 30a izango da.